B-1: Bateratze Lanak (BL)

Guk eginiko aukeran BL-ak ohiko curriculumaren antolakuntza unitate baten ondoren aktibatzen diren sekuentzia didaktikoak dira. Eta ondorengo ezaugarri nagusiak dituzte:

BL delakoen bidez ez da ezagutza berria eraikitzea bilatzen, hemen asmoa bestelakoa da: dagoeneko ikasleek dakitena aplikatzea, alegia. Beraz:

a)  BL-tan ez genituzke sartu beharko dagoeneko ikasleek ikasia ez dutena.

b)  BL-ak ongi garatzeko aurre-ezagutzak ondo ziurtatzea ezinbestekoa da.

c)  BL-ak eta ohiko Unitate Didaktikoen (UD) ikasketa helburuak erlazionatzea beharrezkoa da.

UD-koetan era analítiko edo isolatuan ikasi dutena modu integratu edo koordinatu batez erabiltzen ikasi beharko dute BL-tan. Beraz:

a)  BL-ek ikasgaien arteko mugak gainditzen dituzte.

b)  Adinaren arabera antolatuko da diziplinartekotasun maila. Ikasketa maila gora egiten duen neurrian geroz eta ikasgai gutxiago sartuz BL bakoitzean.

BL-tan, gorago aipaturiko ezagutzen aplikazioa, testuinguru edota egoera-familia berri (ikasleak ezagutza eraikitzeko erabili ez duena) batean egingo da beti. Hortaz testuinguru horrekin loturiko konpetentziak dira BL bakoitzean garatuko direnak. Beraz:

a)  Ez dira erabili behar ezagutzak eraikitzeko erabilitako testuinguruak.

b)  Modu sistematiko batez aukeratu beharko dira testuinguruak ahalik eta egoera-familia gehien lantzeko.

c)  Testuinguru horien guztien atzetik maila hauetan landu beharreko hezkuntza esparru nagusiak egongo dira: a) Pertsona-familia hezkuntza esparrua; b) Gizartekoa, c) Lanbidekoa.

         BL-ak, ezinbestean, jardueretan oinarrituriko metodologia eskatzen du:

a)  BL-ak jardueraz osaturiko sekuentzia didaktikoak dira.

b)  Aurrezagutzak errepasatzea komenigarria ikusten bada, egitea zilegia da baina beti BL-aren jardueren sekuentziak hasi aurretik. "0 Jarduera" erabiltzen da horretarako.

c)  Ikaslearen lan autonomoa eta iniziatiba dira sustatu nahi direnak, hortaz proposatzen zaion jarduera bakoitza bakarrik egitea da bilatzen dena. Irakasleak ahalik eta laguntza gutxien ematea da aholkatzen dena.

Curriculumaren antolakuntza unitate ezagunena Unitate Didaktikoa (UD) izeneko sekuentzi didaktikoa izaten da. Hortaz BL-ak beti egingo dira UD baten edo UD multzo baten ondoren.