4. Kasua: ARGAZKIEN ONDORIOAK
Anderrek 12 urte ditu eta 17 urteko laguna du Interneten: Hector. Hector Zaragozan bizi omen da. Duela 6 hilabete ezagutu zuen Instagramen. Noizean behin hitz egiten dute Instagrameko txata "Direct" erabiliz. Oso tipo jatorra da eta asko daki bideo jokoen inguruan. Talde bat eta guzti egin dute ezagun eta ezezagun askorekin irudi barregarriak partekatzeko.
Aurreko batean Hectorrek argazki barregarri batzuk bidali zizkion eta hor ikusten zen Hector galtzontzilotan txorakeriak egiten. Beste batean beste lagun batzuekin “kalbo” bat egiten (ipurdia erakusten) ere ikusten da. Lehertzekoak dira! Hectorrek antzeko argazkiak dituen ala ez galdetu eta bidaltzeko eskatu dio. Anderri txantxak gustatzen zaizkionez halaxe egin du eta bilduma ederra bidali dio: galtzontzilotan, galtzontziloak buruan duelarik eta abar...
Baina txantxa amesgaiztoa bihurtu da: Hector ez da zirudien mutil jatorra eta xantaia egin dio Anderri. 300 € ematen ez badio argazki horiek lagunei eta gurasoei bidali egingo dizkio edo Interneten argitaratuko ditu.
Anderrek ez daki zer egin. Gurasoei kontatuz gero badaki “bronka” izugarria jasoko duela tentelkeria hori egin izanagatik. Agian dirua eman eta ahaztu beharko du kontua.
Galderak:
- Erraza al da Interneten argazki bat argitaratzen dugunean edo lagun bati bidaltzen diogunean, argazki hori ezabatzea? Zergatik?
- Zer egin daiteke Anderri gertatutakoa ez pasatzeko?
- Bizitzako lagun guztiek garrantzi berbera al dute? Zein da lagun mina, lagun eta ezagunen arteko desberdintasuna?
- Interneteko lagun guztiak lagunak al dira? Noraino dira lagunak?
- Xantaia egitea gaizki al dago, zergatik? Eta amore ematea eta ordaintzea gaizki al dago? zergatik?
ZER EGINGO ZENUKE EGOERA HONEN AURREAN ANDER BAZINA?
(Saia zaitez zure erantzuna justifikatzen)