1. Jarduera: Bizikletaren historia ezagutzen
Zer ikasi:
Bizikletaren historiari buruz informazio testu bat irakurri, ideia nagusiak jaso eta idatziz adierazi.
Zer egin: (Bakarka)
Irakurri arretaz bukaeran dagoen testua. Irakurri eta gero, laburpen bat prestatu beharko duzu.
Laburpena egiteko testua paperean inprima dezakezu eta ideia nagusiak azpimarra ditzakezu. Horiekin laburpena egingo duzu.
Denbora baduzu laburpena osatzeko irudiak gehi ditzakezu testuan.
Bukatzen duzunean; "Bizikleta-laburpena" izenarekin gorde.
Ekoizpena : Bizikleta laburpena
Ebaluazioa
- Irakasleak ebaluatuko duena:
- Autonomia erakusten du.
- Laburpena ongi egituraturik dago.
- Idazkera egokia da.
- Informazioa nahikoa eta pertinentea da
- Auto-ebaluazioa:
Ireki “Auto ebaluazio orria.odt” dokumentua eta gaurko lanari dagokiona bete eta gero, gorde berriro zure karpetan.
JARDUERA BUKATU DUZU
Bizikletaren historia
Gaur egun kaleetan zein bizikleta-lehiaketetan ikusten dugun bizikletak duela berrehun urte eman zituen lehen urratsak. Egia esan, guk ez genioke inola ere bizikleta izena jarriko tramankulu hari, baina lehenengo saiakera hura hasiera besterik ez zen izan.
Sivrac frantsesak jostailuzko zalditxo bati bota zion begirada; haurrak kulunkatzeko erabiltzen zen egurrezko zaldia eta jostailuari gurpilak jartzea otu zitzaion frantsesari. Gurpilak jarri zizkion bai, baina tramankuluak ez zuen oraindik pedalik. Beraz, erremedio bakarra zalditxoaren gainean eseri eta lehenengo oin batekin eta gero bestearekin lurrari bultzatzea zen, aurreraka zein atzeraka joateko. Jostailuzko zaldia bizikleta bihurtzeko ahalegin horiek XVIII. mendearen amaieran, 1790. urte inguruan, egin zituen frantziarrak eta hurrengo ia hogeita hamar urtetan zalditxoak ez zuen aurrerapausorik eman.
1816an, alemaniar batek, Drais von Sauerbronn baroiak, eserlekua eta eskulekua jarri zizkion zaldiari. Zalditxoa oinekin bultzaka ibiltzeko oso deserosoa zen eta tramankuluaren gainean esertzen zenari eserlekuak eta eskulekuak mesede handia egin zioten. Poliki-poliki osotzen ari zen ibilgailuari “draisiana” izena jarri zioten, asmatzailearen ohorez.
Pedalei eraginez
Eserlekuak eta eskulekuak tramankulua hobetu zuten; hala ere, oinekin bultzatzea neketsua zen nonbait eta pedalak jarri zizkioten. Pierre eta Ernest Michaux frantziarrek asmatu zituzten pedalak eta 1860. urtetik aurrera, oinak pedaletan jartzen ziren bultzaka ibili beharrik gabe. Geratzeko soilik bota behar zen oina lurrera, oraindik balazta sistemarik ez baitzen asmatu. Frantziarrek aurkikuntza
garrantzitsua Parisko Munduko Erakusketan aurkeztu zuten 1867an eta arrakasta handia lortu zuen, gainera.
Lortutako arrakastari esker bizikloa deitutako ibilgailua Europa osoan eman zen ezagutzera. Nobedadeak liluratuta, belodromoetan eta pista egokituetan bizikletan ibiltzen hasi zen jendea. Kaleetan, aldiz, ez zen bizikletarik inondik inora ikusten. Ibilgailua gero eta erosoagoa bazen ere, gurpilak egurrezkoak edo metalezkoak ziren eta kale lokaztu eta zulatuetan bizikletaz ibiltzea abentura hutsa zen. Pistarik leunenean ibiltzea ordea, kaleetan ibiltzea bezain zaila gertatu zen.
Michaux anaiek pedalak aurreko gurpilaren ardatzari lotu zizkioten eta bizikletan ondo ibiltzeko aurreko gurpilaren diametroa handitu egin behar izan zuten. Gurpil batzuen diametroak metro eta erdikoak izatera ere heldu ziren. Horrela, gurpilaren diametro handiagatik bizikloek bi metroko altuera izan zezaketen. Bi gurpilak neurri desberdinekoak zirenez, aurreko gurpila bere norabidean mantentzea ez zen batere erraza eta ezker-eskubi kontrolik gabe mugitzen zen. Gainera, oraindik balazta-sistemarik (frenatzeko sistema) ez zen asmatu eta geratzeko jauzi egin behar zuen txirrindulariak. Batek baino gehiagok hartu zuen zartada bi metroko altueratik lurrera jauzita, bai bizikletatik jaisterakoan eta baita, oreka galduta ere. Arriskuak arrisku, Parisko Erakusketan bizikloak izandako arrakasta ikusita, Erresuma Batuan eta Frantzian bizikleta-lehiaketak antolatzen hasi ziren.
Lehenengo bizikleta
XVIII. mendearen bukaeran eman zituen bizikletak lehen urratsak eta ahalegin askoren ondoren, esan daiteke 1880an sortu zela gaur egungo bizikleta. Ordura artekoak hurbilketak besterik ez ziren izan. Harry Lawson hartu ohi da bizikl
Bizikletaren aurrekaritzat jo daitekeen draisienne izeneko ibilgailua.1820 urtearen inguruan.
etaren sortzaile gisa. Lawsonek katea jarri zion atzeko gurpilari. Gezurra badirudi ere, ordura arteko tramankuluek ez zuten katerik. Katea ez zen izan, ordea, lehen bizikletaren berrikuntza bakarra. Lawsonen bizikletak koadroa ere bazuen eta koadroaren bitartez, bi gurpilak, eserlekua, pedalak eta eskulekua sostengatzen ziren. Hala ere, aurreko gurpila atzekoa baino handiagoa zen oraindik. Bost urte itxaron behar izan ziren bizikletari neurri bereko gurpilak ikusteko. Bi gurpilak neurri berekoak izanik, oreka-arazoak amaitu ziren eta bizikleta geratzeko ez zegoen bi metroko jauzia egin beharrik.
Katea, koadroa eta gainontzeko osagai guztiak bazituen ere, bizikleta ez zen behar bezain egokia gurpilen materialagatik. Dunlop irlandarrak gomazko gurpilak egin zituen 1890ean eta semearen bizikletarekin egin zuen lehen froga. Hobekuntza handia izan zen eta horren lekuko da sei urte geroago Atenasko Joko Olinpikoetan jokatu zen bizikleta-txapelketa.
Mende bat igaro da orduz geroztik eta bizikletak ehun urte horietan asko hobetzeko astia izan du. Gaur egun bizikleta gainean ibiltzea lanbide bihurtu da zenbaitentzat. Gehienek aldiz, kirola egiteko erabiltzen dute bizikleta eta kaleetako poluzioari aurre egiteko asmoz, garraio ekologiko ere bihurtu da hiri handietan.